Zaporeak elkarteak Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako euskaltegietara hurbilduko du bere lan solidarioa

Datozen asteetan, Oarsoaldeko euskaltegietako ikasleek Zaporeak elkarteak egiten duen lan solidarioa sakon ezagutzeko aukera izango dute. "Zaporeak: Zer da eta zertan aritzen da?" izeneko tailerren bidez, egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntzeko ekimen honek egiten duen lana ezagutuko dute.
Topaketa hauek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen Mintzagun programaren barruan, otsailaren 27tik martxoaren 12ra bitartean egingo dira eskualdeko euskaltegi ezberdinetan. Saio bakoitzak ordu eta erdi inguruko iraupena izango du eta euskara ikasten ari direnei gaurkotasuneko gaietara modu praktikoan eta ingurune guztiz euskaldunean hurbiltzeko aukera emango die.
Mintzagunen helburua da testuinguru errealetan euskararen erabilera sustatzea eta edozein gai, konplexua izanda ere, hizkuntza horretan landu daitekeela erakustea. Hizlariarekiko elkarreraginaren bidez, ikasleek haien ulermena eta ahozko adierazpena indartuko dute, gizartean eragin handia duen ekimen bat gertutik ezagutzen duten bitartean.
📅 Tailerren egutegia
• Otsailak 27: Txirrita AEK (Pasai Antxo) 🕙 10:00 - 11:30
• Martxoak 4: Intxixu AEK (Oiartzun) 🕤 09:30 - 11:00
• Martxoak 6: Oroitzene AEK (Lezo) 🕙 10:00 - 11:30
• Martxoak 6: Xenpelar AEK (Errenteria) 🕓 16:00 - 17:30
• Martxoak 12: Pasaiako Udal Euskaltegia 🕤 09:30 - 11:00
• Apirila: Errenteriako Udal Euskaltegia
Tailer hauek euskara testuinguru dinamiko eta parte-hartzailean ikasteko aukera bikaina eskaintzen dute, eta, aldi berean, ezberdintasuna markatzen duten proiektuei ikusgarritasuna ematen zaie.