SCORE

SCORE 2020 Horizonte edo Zerumuga (H2020) proiektu europar bat da, helburu nagusitzat kostaldeko hirien erresilientzia handitzea duena, itsas mailaren igoera, kosta eta ibai-uholdeak, eta, oro har, klima aldaketaren ondoriozko muturreko gertaera klimatikoen aurrean. Helburu hori Ekosistemetan Oinarritutako Konponbideen eta teknologia berritzaileen bidez lortu nahi da.

SCOREn kostaldeko 10 hirik hartzen dute parte, bakoitza bere Kostaldeko Hirien Laborategi Bizia (CCLL edo Coastal City Living Lab ingelesez) sortzen ari dena. Talde-lanaren kontzeptu berria da, hainbat eragile publiko, pribatu, akademiko eta gizarte-eragile inplikatu eta elkarlanean jartzen dituena, helburu komunak lortu eta interes orokorraren alde lan egiteko.

SCOREn parte hartzen duten hiriak honakoak dira: Benidorm (Valentziako Erkidegoa), Dublin (Irlanda), Gdansk (Polonia), Massa (Italia), Oeiras (Portugal), Piran (Eslovenia), Samsun (Turkia), Sligo (Irlanda), Vilanova i la Geltrú Bartzelonako Diputazioarekin (Katalunia), eta, noski, Oarsoaldea, gure eskualdea.

Proiektua 4 fasetan gauzatzen ari da 11 lantalderen bitartez, eta 10 hiriek abiadura ezberdinetan hartzen dute parte proiektuan, “bide-urratzaileak” edo “jarraitzaileak” izan daitezkeelarik. Oarsoaldeak “bide-urratzaile” papera du proiektuko lantalde guztietan.

Proiektuaren partzuergoa Sligoko Unibertsitate Teknologiko Atlantikoak (ATU Sligo) koordinatzen du, eta 28 erakunde publiko eta pribatu biltzen ditu; hala nola, unibertsitateak, administrazioak, enpresak eta ikerketa-erakundeak, 12 estatu ordezkatzen dituztenak.

Proiektuaren webgunea: https://score-eu-project.eu/