LANTOKIRA BIZIKLETAZ

  • Guztira 35 enpresak eta 96 pertsonak hartu dute parte Oarsoaldeko eskualdean bizikletaren eguneroko erabilera ebaluatzen duen foru proiektuaren diagnostikoa egiten, eta orain proiektua bigarren fasera pasako da.
  • Rafaela Romero diputatuak diplomak eman dizkie lehen fasean bizikleta aparkalekuaren modelo berria diseinatzen eta gauzatzen parte hartu zuten Don Bosco ikastetxeko (Errenteria) ikasleei.

 

Guztira 35 enpresak eta 96 pertsonak parte hartu dute analisia egiten. Azterketa horren helburua da bizikletaren erabilerari dagokionez Oarsoaldea eskualdearen gaur egungo egoera ezagutzea eta ebaluatzea.   Horretarako, dauden azpiegiturak ebaluatu dira: bai hiriguneetatik industrialdeetara joateko bideak, bai industrialde barrukoak. Azterketarako 26 industrialde aztertu dira guztira.

Era berean, azterlan sakon bat egin da Oarsoaldeko enpresen eta bertako langileen iritzia ezagutzeko lanera bizikletaz joateari buruz, horretarako dituzten zailtasunei eta erraztasunei buruz edo bizikleta garraiobide gisa erabiltzeko enpresek eskaintzen dituzten aldeko baldintzei buruz.

Analisi fasea amaitu ondoren, proiektuaren bigarren fasea izango da zuzeneko lankidetzan aritzea ABB-Niessen enpresarekin (artikulu elektronikoak fabrikatzen dituen eta Oiartzungo Aranguren industrialdean kokatuta dagoen enpresa), eskualdeko langileak beren lanpostuetara bizikletaz joan daitezen sustatzeko.

Hain zuzen ere, enpresa horren instalazioetan instalatuko da Don Bosco ikastetxeko ikasleek diseinatutako bizikleta aparkalekua, joan den martxoan aurkeztu zena. Egitura berri hori diseinatu eta egitea ere proiektuaren lehen fasearen parte da.

Diagnostikotik datu interesgarriak ateratzen dira, hala nola:

  • Inkestari erantzun diotenen % 46,7k bizikleta erabili du noizbait lantokira joateko.
  • % 73,3k gutxiago kutsatzen duten eta osasungarriagoak diren garraiobideak erabiliko lituzke autoaren edo motoaren ordez.  % 17,3k aukera hori planteatuko luke.
  • Inkestari erantzun diotenen % 80k adierazi duen desabantaila nagusia da joan-etorrietan denbora gehiago behar dela eta bizikletaz joateko azpiegitura segururik ez dagoela.
  • % 15ek argudiatzen du bizikletak gordetzeko leku segururik ez dagoela. Txirrindulariei ematen zaizkien zerbitzuen barruan, % 20k baino ez ditu eskaintzen bizikleta aparkaleku seguruak eta dutxadun aldagelak.