AURTEN ERE, ERRENTA EUSKARAZ!
Oarsoaldeko udalek errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin diete zergadunei

2024ko errenta aitorpena egiteko epea ireki dela-eta, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako udalek Oarsoaldeko zergadun guztiei dei egin diete errenta aitorpena euskaraz egin dezaten eta foru ogasunarekin harremana euskaraz izan dezaten.
Errenteriako -Leire Mazizior-, Lezoko -Iker Salaberria-, Oiartzungo -Aiako Harria Gaztelumendi- eta Pasaiako -Laura Ré- euskara zinegotziek errenta aitorpena euskaraz egitera animatu dituzte zergadunak.
Errenta aitorpena euskaraz egiteko, euskara aukeratu daiteke, bai Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzerakoan, bai aitorpena ogasun bulegoetan modu mekanizatuan egiterakoan, aitorpena zein hizkuntzatan egin nahi den adieraziz.
Errenta-aitorpena euskaraz egitea beste urrats bat da ogasunarekin eta, azken batean, administrazio publikoarekin hizkuntza horretan harremana izateko bidean, eta hori da gure azken helburua. Euskararentzat garrantzitsua da zure aukera, zuri hala iruditzen ez bazaizu ere. Zorionez, urtetik urtera gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten duten Oarsoaldeko herritarrak eta administrazio publikoekin harremana euskaraz izatea erabakitzen dutenak.
Gainera, Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako bazkaria zozkatuko dute errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean. Zozketan parte hartzeko hiru modu emango dira:
- WhatsApp eta QR kodeen bidez zabalduko den drive baten inprimakia beteta.
- www.oarsoarrak.eus webguneko formularioa beteta, edo
- Toki publikoetan jarriko diren txartelak bete eta entregatuta.