OARSOALDEKO UDALEK ERRENTA AITORPENA EUSKARAZ EGITERA DEITU DITUZTE ZERGADUNAK

Eskualdeko lau udalerrietan gero eta pertsona gehiagok egiten dute beraien errenta euskaraz

2022ko errenta aitortzeko epearen irekiera dela eta (2023/04/11tik 2023/06/30era), Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek dei egin diete Oarsoaldeko zergadun guztiei errenta aitorpena euskaraz egiteko eta, bidenabar, ogasunarekin harremana euskaraz izatera animatu dituzte herritarrak. Izan ere, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da. Eskualdeko lau udalerrietan geroz eta pertsona gehiagok egiten dute beraien errenta euskaraz. Orotara, eskualdean, 5.750 pertsonak egin zuten ariketa euskaraz aurreko urtean. Honako hauexek izan ziren herriz herriko datuak: Errenterian, 1.939 (% 10 - denera errenta aitorpena egin dutenak 20.144 izan dira ); Oiartzunen, 2.239 (% 39 -denera errenta aitorpena egin dutenak 5.740 izan dira-); Lezon, 708 (%22 – denera, errenta aitorpena egin dutenak 3.282 izan dira); eta, azkenik, Pasaian, 864 (% 11, - denera, errenta aitorpena egin dutenak 8.028 izan dira). Lau udalerrietan 2017.urtetik honera datuek gora egin dute.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko, Gipuzkoako Foru Ogasunetik bidalitako autolikidazio proposamena onartzeko orduan euskaraz egin dezakezu, baita aitorpena internetez edo modu mekanizatuan ogasunaren bulegoetan aurrez aurre egiten duzunean ere euskaraz egin nahi duzula hautatuz nahiz langileari adieraziz. Bestalde, errenta aitorpena egiteko gestoria bat erabiltzen bada, errenta aitorpena euskaraz egin eta Ogasunarekiko harremanetan euskara aukeratzeko borondatea adierazi.

Errenta aitorpena euskaraz egitea urrats bat gehiago da ogasunarekin eta, azken batean, gure helburu izan behar duen administrazio publikoarekin harremana euskaraz izateko bidean. Euskararentzako garrantzitsua da zure aukera, zuri gauza gutxi iruditu arren. Zorionez, urtez urte gero eta gehiago dira errenta euskaraz egiten duten Oarsoaldeko herritarrak eta administrazio publikoekin euskaraz egitea erabakitzen duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean ematen ari garen beste aurrerapauso bat da aipaturikoa. Nolanahi ere, pauso handia eta eraginkorra izan dadin, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da.

Oarsoaldeko lau udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, bi lagunentzako otordu goxo bana zozkatuko dute herri bakoitzean errenta aitorpena euskaraz egiten duten zergadunen artean.  Zozketan parte hartzeko hiru bide izango dira aukeran: whatsapp bidez eta QR kode baten bidez zabalduko den drive bateko formularioa betetzea, www.oarsoarrak.eus webeko formularioa betetzea edota leku publikoetan jarriko diren boletoak bete eta entregatzea. 

Aurten ere egin, bera, errenta aitorpena euskaraz!


Oarsoaldea