Oarsoaldeko turismo bulegoak udararako prest
Ordutegi zabalagoak eta eskualdeko turismo bulego eta informazio puntu guztiak irekita, bai herritarrei, baita gure eskualdea bisitatzera datozen guztiei harrera egiteko.
Goi denboraldia ate joka dugu. Hau dela eta, Oarsoaldeko turismo bulego eta informazio puntu guztiak prest daude uda sasoi honetarako. Alde batetik, urte osoan irekita dauden Errenteria eta Pasaiako turismo bulegoak beraien ordutegia zabalduko dute udan, uztailaren 1etik abuztuaren 31a arte. Ordutegia 9:30etik 14:30era eta 15:30etik 18:30era izango da, egunero.
Bestetik, pasa den Aste Santuan ireki eta irailaren 29a arte irekita egongo den San Marko gotorlekuko informazio puntuak ere bere ordutegia luzatuko du uztaila eta abuztuan zehar. Asteazkenetik igandera egongo da irekita, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Gotorlekuko begiratokitik Errenteriak eta eskualdeak historian zehar izan duten garapena ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira, irekiera egunetan.
Errenterian bertan kokatzen den Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegoa ere martxan dago pasa den maiatzaren 31tik, ostegunetan 08:30etik 14:00etara eta ostiral, larunbat, igande eta jai egunetan 08:30etik 14:00etara eta 15:00etatik 18:30ra. Zerbitzua eskaintzen jarraituko du irailaren 29a arte.
Azkenik, uztailaren 1ean irekiko ditu ateak Oiartzungo turismo bulegoak, irailaren 1a arte. Arizmendienea etxe-museoan. Bere ordutegia 9:30etik 14:30era eta 15:30etik 18:30era izango da egunero. Jauretxe hau, XVIII. eta XIX. mendeko Gipuzkoako goi-klaseko familien bizimoduaren adibide bat dugu, eta hau hobeto ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dira: ostiraletan 11:00etan euskaraz, gazteleraz edo frantsesez, eta larunbat eta igandetan 10:00etan eta 12:00etan euskaraz eta 11:00etan eta 13:00etan gazteleraz. Bisita gidatu hauek aurretik erreserbatu beharko dira.
Oarsoaldeko turismo bulegoetara hurbiltzen den bisitariak eskualdeko baliabide turistikoei, gastronomiari, kultura-ondareari eta naturari buruzko informazio zabala jasoko du. Udan zehar antolatzen diren jardueretan eta bisita gidatuetan erreserbak egiteko aukera ere izango da hauetan.
Informazio gehiago eta bisita gidatuen erreserbak:
Errenteriako turismo bulegoa
Madalen kalea, 3
943 494 521 – turismoa@oarsoaldea.eus
Pasaiako turismo bulegoa
Donibane kalea, 1
943 341 556 – turismoapasaia@oarsoaldea.eus
Oiartzungo turismo bulegoa
Aialde kalea, 4
943 508 913 -turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus
San Marko Gotorlekuko informazio puntua
943 449 638 – turismoa@errenteria.eus