IKUSKAREN MINTZAGUN SARIKO FILM LABURREN EMANALDIAK
Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalek Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez euskara ikasten ari diren herritarrek euskara erabiltzeko dituzten aukerak eta espazioak handitzeko eta ugaritzeko helburuarekin Euskarazko film labur onenari eman ohi zaion Mintzagun Saria sortu zuten 2012an. Hala, Ikuska festibalera aurkezten diren film laburren artean, euskarazko onena aukeratzen dute urtero eskualdeko euskaltegietako ikasleek.
Ikasleek bozka eman ahal izateko, film emanaldiak egingo dira aurten ere; hilaren 18an, goizeko 10:00etan Errenteriako Niessen aretoan eta 20an, ordu berean, Trintxerpeko alkateordetzako aretoan.
Bestalde, Lezoko Institutuko ikasleei zuzenduriko emanaldi berezi bat egingo da hilaren 19an, 12:45ean, Lezoko Gezala aretoan, Lezoko zinema ttikiak eta Euskara talaia elkarteen laguntzarekin.
Horiez gain, herritar orori irekitako emanaldi bana egingo dira hilaren 18an, 18:30ean, Oiartzungo Landetxe aretoan eta hilaren 19an, 19:00etan, Lezoko Gezala aretoan, Lezoko zinema ttikia elkartearen laguntzaz.
Euskaltegietako eta institutuko ikasleek euren botoen bidez hautatuko dute aurtengo Mintzagun sariaren irabazlea. Emitituko diren filmak honako hauek izango dira: “Azkena”, “Garai txarrenak”, “Puzzleak”, “Oinez” eta “Betiko gaua”.