Ibilbide gidatuak hasiko dira Aiako Harria Parke Naturalean eta Lau Haizeta parkean

Lehenengo bisita abuztuak 11, igandea, Lau Haizeta parkera eta bertako monumentu megalitikoetara egingo da

Abuztuaren bigarren asteburuan, natura-gidarien zerbitzu ofiziala hasiko da Errenteriako ingurune naturalean, bai Lau Haizeta parkean, bai Aiako Harria Parke Naturalaren barruan dagoen Errenteriako Listorreta-Barrengoloia eremuan. Zalantzarik gabe, aukera paregabea da gida espezializatu batekin Aiako Harria Parke Naturaleko biodibertsitate eta kultura-ondare maila handiak ezagutzeko. Aiako Harria Parke Naturala Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa katalogatuta eta Natura 2000 Sarearen barruan babestua dago.

Beraz, aurten "Lau Haizeta Parkea eta Monumentu Megalitikoak" bisita gidatuarekin hasiko da ibilbideen eskaintza. Bisita hori abuztuaren 11n, irailaren 7an eta urriaren 6an, goizeko 10:00etan eskainiko da. Abiapuntua San Marko gotorlekuko aparkalekua izango da, eta hiru ordu inguruko ibilbidean zehar Txoritokietako estazio megalitikoa bisitatuko da. Estazio horrek historiaurreko hainbat hilobi monumentu mota ditu, hala nola trikuharriak eta tumuluak. Aldi berean, San Markoko eta Txoritokietako gotorleku militarren inguruan dauden basoetan eta hezeguneetan ere barneratuko gara.

Hurrengo bisita Paleolitoko aztarnak ikusteko izango da Aizpitarteko kobazuloetan. Bisita hauek abuztuaren 17an, irailaren 15ean eta urriaren 12an izango dira eta Listorreta-Barrengoloiako informazio bulegoan hasiko dira. Ordu eta erdiko ibilbidean zehar, Euskal Herrian aurkitu den Goi Paleolitoko lehen aztarnategia arakatuko da, non antzinako ehiztariek egindako hartz, bisonte, otso, elur orein, orein, errinozero eta harrizko tresnen hondakin fosilak aurkitu diren.

Eskainiko den beste ibilbideetako bat Añarbeko baso erreserbara izango da, abuztuaren 25ean, irailaren 21ean eta urriaren 20an. 4 orduko txango gidatu hau Idoiatik (Susperregi) abiatuko da eta inguruko bistez gozatzeaz gain, Malbazargo eta Pagosardeko hezeguneetan bizi den faunaren berezitasunak ezagutuko ditugu. Ibilbideak pagadietan barrena sartzeko eta bertako biodibertsitatea ezagutzeko aukera ematen du.

Azkenik, abuztuaren 31n, irailaren 29an eta urriaren 26an, Aldura, Pertsele eta Igantzi mendietako bazterrak bisitatzeko aukera izango da Idoiatik (Susperregi) abiatuta, hiru mendi horien eta Añarbeko urtegiaren inguruko ikuspegi panoramikoak ikusi ahal izango ditugu lau orduko ibilbidean, baita Aldurako elur-zuloa, basoa lehengoratzeko prozesuak, anfibioak babesteko sortutako ur-putzuak eta inguruko hegaztien biodibertsitateari buruz ikasi ere.

AURTEN, 4 IBILBIDEAK EGITEAK SARIA DU! 

Ibilbideetako bat egiten dugun bakoitzean zigilu bat eskuratuko dugu, eta 4 ibilbideen zigiluak lortzen baditugu Oarsoaldeko Museoak doan bisitatzeko 2 bonuren zozketan parte hartu ahal izango dugu.

Gainera, bisita gidatuak egutegitik kanpo egiteko aukera ere eskainiko da aurten, taldeentzat, aurretik kontsulta eginda. Bisita bat erreserbatzeko gutxieneko taldea 10 lagunekoa izango da, eta gehienez 15 lagunekoa.

Bisita gidatu hauek guztiz doakoak dira eta aldez aurretik erreserbatu behar dira Errenteriako turismo bulegoan:


 

ERRENTERIAKO TURISMO BULEGOA

Madalen Kalea, 3

943494 521 turismoa@oarsoaldea.eus