ERREKLAMATZEAREN GARRANTZIA

ERREKLAMATZEAREN GARRANTZIA Jende askok, erosketa batekin edo kontratu batekin arazoren bat duenean, berehala gogoratzen da Kontsumo Bulegoaz. Hala ere, badira inoiz etortzen ez diren pertsonak. Agian uste dutelako ez duela merezi erreklamatzea, “enpresa haundi” horien aurka ez dugula zereginik.

Esan behar dizuegu hori ez dela horrela. Kontsumo Bulegotik animatu nahi zaituztegu gurekin harremanetan jartzera eta zuen zalantzak planteatzera. Erreklamazioa aurkezten lagunduko dizuegu eta, beharrezkoa bada, izapidetu egingo dugu. Tramitazioa administrazio-bidean da, eta horrek esan nahi du prozedura borondatezkoa eta adiskidetsua dela. Beraz, erreklamatutako enpresak ez badu positiboki erantzun nahi, ezin dugu behartu.

Berri ona da iaz tramitatu genituen 230 erreklamazioetatik %74k aldeko erantzuna izan zutela. Azpimarratu nahi dugu, gainera, pertsona batek erreklamatzea onuragarri dela, erreklamatzen duenarentzat ez ezik, gizarte osoarentzat ere, enpresek, erreklamazioak jasotzearen poderioz, beren jokabidea alda dezakete eta.

Gogorarazten dizuegu Kontsumo Bulegoa Errenteriako Olibeten auzoan daogela, 6. zenbakian, eta astelehenetik ostiralera 9etatik 14etara artatzen dugula. Baita 943510111 telefonoan, kontsumo@oarsoaldea.eus helbidean eta www.oarsoaldea.eus webgunean ere.