EUSKARALDIKO EUSKAPARATE LEHIAKETAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK DA  

Euskaraldiaren asmo eta helburuekin bat eginez, Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldeko Euskara Batzordearen bitartez, merkataritza,  ostalaritza eta gainerako saltokietako erakusleihoak nahiz saltokiak apaintzeko lehiaketa antolatu dute hirugarren aldiz. 

Ekintza hori, arestian esan bezala, Euskaraldiari loturik dago. Lotuta dago, era berean, urtero, urteko 365 egunetan, Oarsoaldeko lau udalek merkataritza eta ostalaritza alorrean euskararen erabilera sustatzeko  gauzatzen duten “Prezio berean, euskaraz!” egitasmoarekin ere.  

Lau udalek dei egin nahi diete eskualdeko merkatari ostalari eta bestelako establezimendu guztien jabeei Euskaraldiaren testuinguruan gauzatuko den lehiaketan parte hartzera.  Antolatzaileek azaldu dutenez, establezimenduak apaintzeak gure kaleak pixka bat alaitzeaz gain, Euskaraldia bezalako ekimen positibo bati bultzada eta ikusgarritasuna emango dizkio.  

Hala nahi duten Oarsoaldeko merkataritza, ostalaritza eta gainerako saltoki guztiek hartu ahal izango dute parte eskaparate lehiaketan. EUSKARALDIA hitzak nahitaez egon beharko du bistan apaintzen den saltoki edo erakusleihoan, baina hortik aurrera norberaren sormenaren eta irudimenaren arabera geratuko da. Lehiaketan  parte hartzeko izena ematen duten establezimenduei Euskaraldiaren banderatxo bana emango diete lehiaketaren antolatzaileek. 

EUSKARALDIA edo/eta EUSKARA aitzakia edo gai hartuta apaindu beharko dute saltokiaren erakusleiho bat gutxienik. Erakusleihorik ez izan arren, establezimendua bera, edo haren alde nahiz zatiren bat apainduz parte hartu nahi dutenek ere egin ahal izango dute.  

Lehiaketan parte hartu nahi duten establezimenduek www.oarsoarrak.eus web gunean aurkituko duten formularioa bete beharko dute. 
 

INPRIMAKIA BETE 

Erakusleihoak edota saltokiak apaindua eduki beharko dira maiatzaren 9tik 25era behintzat. Horretarako izendatuko den epaimahaiko kideek maiatzaren 9tik 16ra bitartean ikuskatuko dituzte lehiaketan parte hartzeko nahia agertu duten erakusleiho guztiak, eta ikusi ahala, euren balorazioak biltzen joango dira.  

 

Epaimahaiak maiatzaren 19rako jakinaraziko ditu eskualdeko irabazlea eta herri bakoitzekoa nor diren. 400 euroko balioa duen deskontu bono sorta eskuratuko du irabazleak bere bezeroen artean banatzeko. Herri bakoitzeko irabazleak 200 eurokoa jasoko du. 

Oinarriak begiratu nahi dituenak edo informazio gehiago nahi duenak www.oarsoarrak.eus web gunera jo dezake.