ENERGIAREN MERKATUA: IKASI ZU BABESTEN

 

ENERGIAREN MERKATUA

Energiaren merkatua duela urte batzuk liberalizatu bazen ere, Kontsumo Bulegoan ikusi dugu oraindik ere ezjakintasun handia dagoela merkatu horren funtzionamenduari buruz. Arazoa da, ezjakintasun horren ondorioz, kontsumitzaileek argi- edo gas-konpainiaz nahi gabe aldatzeko arriskua handiagoa dutela.

Gauzak argitzen saiatuko gara.

 

ARGINDARRA

BANATZAILEA: i-DE Redes Eléctricas Inteligentes (Iberdrola). Enpresa horrek hornitzen digu argia, linea elektrikoaren kableen jabea da. Beti berdina da, ezin da aldatu.

MERKATURATZAILEA: Enpresa horrekin egiten dugu kontratua. Faktura bidali eta argia kobratzen diguna. Asko daude eta nahi duguna aukeratu eta nahi dugunean alda dezakegu.

 

Bi mota daude:

MERKATU ARAUTUAREN MERKATURATZAILEAK (ERREFERENTZIAZKO MERKATURATZAILEAK, PVPC tarifa): Gobernuak markatutako prezioa kobratzen dute. Ez dute beherapenik egiten eta ez dute zerbitzu gehigarririk eskaintzen (mantentze-zerbitzuak, etab.) eta ez dute iraunkortasunik. GIZARTE BONUA baliatu ahal izateko, merkatu arautuaren merkaturatzaile batekin izan behar da kontratua. Denak berdinak dira, berdin da batekin edo bestearekin kontratatzea.

MERKATU LIBREKO MERKATURATZAILEAK: Dozenaka enpresa daude eta bakoitzak bere baldintzak ditu. Prezio desberdinak dituzte, deskontuak eskain ditzakete, iraupen-epeak eta penalizazioak izan ditzakete, zerbitzu gehigarriak, etab. Telefoniaren merkatua bezala da. Guztien artean alderatu eta gehien komeni zaiguna aukeratu behar da.

 

GASA

BANATZAILEA: Nortegas. Gasa hornitzen digun enpresa da, gasa garraiatzen duten hodien jabea. Beti berdina da, ezin da aldatu.

MERKATURATZAILEA: Enpresa horrekin egiten dugu kontratua. Faktura bidali eta gasa kobratzen diguna. Asko daude eta nahi duguna aukeratu eta nahi dugunean alda dezakegu.

 

Bi mota daude:

MERKATU ARAUTUAREN MERKATURATZAILEAK (AZKEN BALIABIDEKO MERKATURATZAILEAK, TUR tarifa): Gobernuak markatutako prezioa kobratzen dute. Ez dute beherapenik egiten eta ez dute zerbitzu gehigarririk eskaintzen (mantentze-zerbitzuak, etab.) eta ez dute iraunkortasunik. Denak berdinak dira, berdin da batekin edo bestearekin kontratatzea.

MERKATU LIBREKO MERKATURATZAILEAK: Dozenaka enpresa daude eta bakoitzak bere baldintzak ditu. Prezio desberdinak dituzte, deskontuak eskain ditzakete, iraupen-epeak eta penalizazioak izan ditzakete, zerbitzu gehigarriak, etab. Telefoniaren merkatua bezala da. Guztien artean alderatu eta gehien komeni zaiguna aukeratu behar da.

 

OHAR GARRANTZITSU BAT

Kontuz energiarekin lotutako gaiei buruzko eskaintzak egiten dizkiguten edo informazioa ematen diguten deiekin. Dei horiei ez zaie kasurik egin behar. Ez dute esaten benetan zein enpresatik deitzen duten, eta ematen duten informazioa ez da beti zuzena. Nahi ez diren merkaturatzaile-aldaketak saihesteko, onena kasurik ez egitea eta deia berehala moztea da.

Edozein argudio erabiltzen dute gu konbentzitzeko. Esaten digute eskaintzen digutena onartzen ez badugu, argirik edo gasik gabe geratuko garela. Hori erabat faltsua da. Ez diogu jaramonik egin behar esaten dutenari (argirik edo gasik gabe geratzeko arriskua, legezko betebeharra, Gobernuak ezarritako aldaketak...); izan ere, dei horiekin lortu nahi dutena da beste enpresa merkaturatzaile batekin kontratu bat egitea.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, aldez aurretik Kontsumo Bulegora (943 510 111) edo Energia Bulegora (943 344 160) joan zaitezkete. Gogorarazten dizuegu Kontsumo Bulegoa Errenteriako Olibet kaleko 6an dagoela, eta astelehenetik ostiralera 9etatik 14etara ematen dugula arreta. kontsumo@oarsoaldea.eus helbidean eta www.oarsoaldea.eus webgunean ere jar zaitezkete gurekin harremanetan.


Oarsoaldea