GABONETAN TOKIKO KONTSUMOA, JASANGARRIA ETA ZURE ESKUBIDEAK BABESTEN DITUENA

Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak tokiko merkataritzan erostearen garrantzia, jasangarritasuna eta kontsumitzaileen eskubideen babesa azpimarratu ditu Gabonetako jai hauetan

Gabonak une erabakigarria da gure erosketa-erabakiei buruz hausnartzeko eta tokiko enpresa-sarea babesteko.

Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak, balio horien ildotik, dei bat egiten du Gabonetan tokiko merkataritza eta jasangarritasuna lehenets ditzaten erosketetan. Tokiko establezimenduetan erosteak eskualdeko ekonomia bultzatzeaz gain, funtsezko zeregina betetzen du komunitate oparoago eta kohesionatuago baten garapenean. Tokiko negozioetan egindako erosketa bakoitzak zuzenean laguntzen du eskualdeko hazkunde ekonomikoan, gure eskualdean enpleguak sortuz eta mantenduz. Tokiko kontsumoak ere produktu eta zerbitzuen aniztasuna eta berezitasuna sustatzen ditu. Enpresa txikiei eta tokiko artisautzari laguntzean, sormena sustatzen da eta eskualdeko eskaintza komertziala aberasten da, kontsumitzaileei barietate berezia eta benetakoa eskainiz.

Gainera, iraunkortasunaren ikuspegia funtsezkoa da. Tokian-tokian erostea aukeratzean, murriztu egiten da produktuen garraioari lotutako karbono-aztarna, eta ingurumena zaintzen eta komunitate iraunkorrago bat eraikitzen laguntzen da. Alde horretatik, Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak herritarrak animatzen ditu modu iraunkorrean erostearen garrantzia aintzat hartzera. Iraunkortasuna tokiko produktuak erosteaz gain, gure ingurunean eragin positiboa izango duten artikulu iraunkorrak aukeratzea, birziklatzea eta merkataritza-praktika arduratsuak babestea ere bada.

Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoa

Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoak kontsumitzaileen eskubideak babesten laguntzen du eta erosketetan eta zerbitzuen kontratazioan orientazioa eta laguntza ematen du. Kontsumitzaileen eskubideei eta betebeharrei buruzko aholkularitza zehatza eskaintzen du, eta eskualdeko pertsona guztientzat esperientzia justua eta segurua bermatzeko erreklamazioak konpontzea du helburu.

Oarsoaldeko Kontsumo Bulegoaren arreta ordutegia astelehenetik ostiralera da 09:00etatik 14:00etara, Olibet, 6, 20100 Errenterian. Interesatuak 943 510 111 telefonora deituz eta kontsumo@oarsoaldea.eus helbide elektronikoan jar daitezke harremanetan.


Oarsoaldea