Aste Santuko oporretarako planak

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia herriek, Gipuzkoako Oarsoaldea eskualdean kokaturik daudenak,  familiarekin egun dibertigarria pasatzeko jarduera anitz  eskaintzen dituzte.

ERRENTERIA BERDEA: PARKE ETA NATURGUNEEN ARTEAN

•    SAN MARKO GOTORLEKURA ETA BERE BEHATOKIRA BISITA 

San Marko Gotorlekuak bere ateak berriz irekiko ditu Aste Santutik aurrera. Bertako pasabideetan barrena ibilbidea egiteko aukera dago, eta Gipuzkoako kostaldearen behatoki hoberenetik bista zoragarriez gozatu daiteke. Gainera, lehenengo solairuan Aizpitarteko haitzuloen inguruko erakusketa iraunkorra ikusgai dago. Doan eskaintzen diren bisita gidatuetan, bailararen historia eta bilakaera ezagutu daitezke. Kanpoaldean, haurrentzako parke bat eta piknik mahaiak daude.
Gotorlekua 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara irekiko da, jai egunetan eta asteburuetan. Bisita gidaturako erreserba egin daiteke: 943 449 638 / turismoa@errenteria.eus.


•    ARRAMENDI PARKEKO ALTXORRAREN BILA 

Fanderiako Errotak - Ibaiaren etxeak Errenteriako Arramendi parkeko ezaugarriak ezagutzeko ibilbidea antolatu du, pista-joko dibertigarri baten bidez. Apirilaren 19an izango da 10:30etik 13:30ra eta erreserba egin behar da: 943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus.
Gainera…


•    Fanderiako Errota: Udalerriko historia industrialean murgildu eta antzinako errotarriek nola funtzionatzen zuten ikusi ezazu zuzenean.
Datak: apirilak 12, 13, 17, 18 eta 20.
Ordutegia: 10:30etatik 14:00etara.

•    Jantziaren Zentroa: Aztertu modak mendeetan zehar izan duen bilakaera eta ez galdu "XVI. mendea: Burukoak eta jantziak" aldi baterako erakusketa ikusteko aukera. 
Ordutegia: Igande eta jai egunetan: 11:00-14:00. Larunbatetan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00.

LEZO: NATURA ETA HISTORIA

•    ORIENTAZIO JOKOA 

Altamira-Bordatxo ibilbidea orientazio-joko polita egiteko aukera ezin hobea da. Bidea oso erraza da, eta familia osoak parte har dezake, orientazio-mapa bat erabiliz pistak aurkitu eta helburua betetzeko. Bidean, gainera, landa-paisaiak eta ehun urtetik gorako baserriak ikus daitezke. Orientazio mapa oarsoaldeaturismoa.eus webgunean dago eskuragarri.

•    IPUIN BATERAKO HERRIXKA

Lezoko hirigune historikoa historiako liburu irekia da, familia osoarentzat ezin hobea. Xarmaz beteriko kale harriztatuetan barrena ibiltzean, txoko bakoitzak mendeetako tradizioa gordetzen du. Leku honetako harribitxia Kristoren Basilika da, erlikia paregabearen gordeleku:  Europako bizarrik gabeko hiru Kristoetako bat.

OIARTZUN: MINERALAK, DINOSAURIOAK, FOSILAK ETA HISTORIA HANDIKO ETXEAK

•    MINERALEN BILA ETA ORIENTAZIO-JOKOAK ARDITURRIN

Apirilaren 17an, ostegunean, "Mineralen bila" ibilbide gidatua egingo da Oiartzungo Arditurri meatze gunearen inguruan; bi mila urtez meatze gunea izan zen, eta oraindik hainbat hondakin eta mineral aurki daitezke bertan.

Aiako Harria Parke Naturalaren inguruko bitxikeriez familian gozatzeko beste jarduera "Iparra galdu gabe" jolasa da. Pista-joko baten bidez, mapa bat interpretatzen ikasten da, natura-ingurunea behatuz. Apirilaren 19an eta 21ean izango da.

Azkenik, apirilaren 26an irteera gidatu bat eskainiko da Aiako Harrian habia egiten duten sai arreen bizimodua eta ohiturak hobeto ezagutzeko.

Aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa da: 943 49 50 69 / 688 89 50 68 / arditurri@gipuzkoanatura.eus

•    DINOSAURIOEN MUNDUA ETA AMONITEEN SAILKAPENA

Oiartzungo Luberri geologia museotik bi proposamen interesgarri datoz: "Dinosauroen mundua" tailerra, duela milioika urte lurrean bizi ziren antzinako izaki horiek gertutik ezagutzeko. Apirilaren 23an, asteazkenean, 11:00etan eta 16:00etan izango da.
Bestalde, amoniteak sailkatzeko tailerra, Mesozoiko aroko izaki liluragarri horiek nolakoak ziren, geologian duten garrantzia ezagutzeko eta nola sailkatzen diren jakiteko. Larunbatean izango da, apirilaren 26an, 11:00etan eta 16:00etan.


•    ARIZMENDI ENEA ETXE MUSEOAN BISITA

Aste Santuan eta Pazkoa astean, Oiartzungo turismo bulegoak berriro irekiko ditu ateak, Arizmendi Enea Etxe Museoaren sarreran; abiapuntu bikaina da udalerriko eskaintza ezagutzeko, eta, bide batez, altxor historiko hau bisitatzeko. Iraganerako bidaia batean, euskal familiak XX. mendearen hasieran nola bizi ziren ikusi daiteke, etxeko gela guztietan zehar egindako ibilbidean. Bisita gidatuak doakoak dira eta ostiral, larunbat eta igandeetan eskaintzen dira.
Informazioa eta erreserbak: Oiartzungo turismo bulegoa (Aialde, 4) 943 508 913 / turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus
Gainera…


•    Soinuenea: Egizu bidaia liluragarri bat musikaren historian zehar, non mundu osoko instrumentu paregabeak ikusi (eta entzun!) ahal izango dituzun.
Ordutegia: astearte eta asteazkenetan: 10:00-14:00. Ostegunetik larunbatera: 10:00-14:00/15:00-18:00.

•    Arditurriko Bide Berdea eta meatzeak:  Oiartzungo paisaia ikusgarria oinez edo bizikletaz zeharkatu Bide Berdean zehar, Arditurriko Meategiraino eramango zaituen ibilbide erraz eta irisgarrian. Bertara iristean, meazuloetan sar zaitez benetako meatze-abentura bat bizitzeko.

PASAIA ASTE SANTUAN: ITSAS ONDAREA ETA TRADIZIOA

•    IRTEERAK ETA JARDUERAK MATER ONTZI MUSEO EKOAKTIBOAN

MATER ontzi museo ekoaktiboak, ur gainean aurkitzen den museo bihurturiko atunontzi ohiak, familia planak proposatzen ditu jai egun hauetan: 
•    Ilunabarra itsasoan (apirilak 18, 20:15-21: 45): ilunabarra itsas zabaletik ikusteko esperientzia, kostaldearen ikuspegi pribilegiatuekin. 
•    Jaizkibelgo itsaslabarretako ibilbidea (apirilak 19, 12:00-13: 00): harrizko erraldoi itzel horiek ikuspegi paregabetik ikusteko ibilbidea.
MATERek beste jarduera batzuk ere antolatzen ditu egun hauetan egiteko, programazio osoa hemen eskuragarri: mater.eus.

•    EUSKAL BALEAZALEEN ABENTURAK BIZI ITZAZU

Albaola Itsas Kultur Faktoriak euskal baleazaleen balentria historikoak ezagutzeko, San Juan ontziaren erreplika gordetzen duen ontziola-museoa esploratzeko eta berreraikuntzaren azken fasea zuzenean ikusteko gonbitea egin du. Apirilaren 17tik 21era, ordutegia luzatu egingo da: goizez 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 15:00etatik 19:00etara.
Gainera…
•    Pasaiako Lur ematearen prozesioa: Interes Turistikokoa, Ostiral Santuan itsasoaren eta mendiaren artean doan Pasai Donibaneko kale harriztatua giro magikoz beteko da. lepakariek ibilbideko bost tunelak igaro behar dituzte, pausoak altxatuz eta jaitsiz, kalea oliozko lanparatxoekin eta kandelekin argitzen den bitartean. Prozesioa 20:00etan aterako da San Joan Bataiatzailearen elizatik.


INFORMAZIO GEHIAGORAKO
www.oarsoaldeaturismoa.eus
Errenteriako turismo bulegoa
943 494 521 - turismoa@oarsoaldea.eus

Pasaiako turismo bulegoa
943 341 556 - turismoapasaia@oarsoaldea.eus

Oiartzungo turismo bulegoa
943 508 913 - turismoaoiartzun@oarsoaldea.eus

San Marko Gotorlekuko informazio puntua
943 449 638 - turismoa@errenteria.eus