Libe Andres Sarratearekin hitz egin dugu, Blai enpresa sortuz bere bi pasioak, artisautza-artistikoa eta birziklapena, bateratu dituen ekintzailearekin.
17/10/2017
1. Zer da Blai enpresa?
Blai enpresa artisautzako tailer bat da, alde batetik umeentzako body-ak, kamisetak, zorroak, estutxeak, … bezalako produktuen estanpazio grafikoaren eta, bestalde, bigarren bizitza erabilgarri bat emanez bigarren eskuko objektu apaingarri edo/eta turistikoen edo material birziklatuekin sorturiko lehen eskuko artikuluen diseinu grafikoaren gaiak jorratzen dituena gehienbat.
2. Nola sortu zen ideia?
Betidanik izan dut gustuko artisautzako objektuak sortzea eta, lehen, nire denbora librea eskaintzen nion jarduera honi.
Hori dela eta, publizitate agentzi batetan nuen kontratua amaitu nuenean, buruan nuen proiektu hau errealitate bihurtzea erabaki nuen.
3. Zer da zuk bezalako enpresengandik desberdintzen zaituena?
Sortzen ditudan objektu apaingarri edo/eta turistikoak guztiz propioak dira, diseinutik hasita produktu bihurtu arte. Lehenik ezaugarriak diseinatu eta ondoren eskuz lantzen ditut, amaitutakoan estanpatzeko.
Lan artisaua da eta bai amaierako produktuan eta baita eskaintzen diodan denboran ere nabaritu egiten da hau. Gainera, ahal dudanean material birziklatuak erabiltzen saiatzen naiz.
Pieza bakoitza bakarra da hauen sortze prozesuari dagokionez. Nahiz eta diseinuak errepikatu, produktuak inoiz ez dira guztiz berdinak izango.
4. Zure ustez Blaik zer eskaintzen dio gizarteari?
Alde batetik, mimo handiz egindako, arretaz landutako diseinu bereziak dituzten eta, nola ez, ukitu artisauak dituzten produktuak eskaintzen ditut.
Bestetik, nornahik objektuak bere diseinu propioarekin pertsonalizatzeko aukera ere eskaintzen dut.
5. Non eta nola ikusten duzu zure burua hemendik 5 urtetara?
Nire burua non eta nola aurreikusten dudan esatea zaila da, baina argi daukat zer den nahi dudana. Nire buruari ezarri diodan helburua, proiektu ezberdinen bidez lan egitea da eta sortzen ditudan produktuak webgunearen bidez saltzea nagusiki.
6. Zein laguntzak jaso dituzu?
Oarsoaldea Garapen Agentzian, lehenik nire negozio ideia aurrera ateratzeko aholkularitza zerbitzua eskaini eta ondoren bideragarritasun plana osatzen lagundu zidaten. Horretarako bilera batzuen bitartez plana garatzen joan ginen, bilera horiek enpresa ideiari forma emateko balio izan zidatelarik.
Bestalde, behin bideragarritasun plana bukatuta, Emekin-eko laguntza jaso dut Oarsoaldeari esker.
Laguntza hauez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak artisautza sustatzeko eskaintzen duen diru-laguntza ere eskatu berri dut.
7. Non aurkitu zaitzakegu?
Lehen Pasai San Pedron zegoen kantina da orain nire tailerra. Pasai Donibanera gurutzatzeko barkua hartzen den plazan bertan dago kokatua (San Pedro kalea, 56 bis).
Horrez gain, Facebook (https://es-es.facebook.com/blaipasaia) eta Instagram (https://www.instagram.com/blai_pasaia) sare sozialen bidez jar zaitezkete harremanetan nirekin eta, gainera, laster erabilgarri egongo den webgune propioa sortzen nabil.