Irteera gidatuak naturan eta abenturarako planak: udako proposamenak
Una serie de visitas guiadas y propuestas para la aventura darán a conocer los espacios naturales de la comarca hasta el 27 de septiembre.
Oarsoaldeko Turismo Sailak eta Errenteriako Udalak ibilbide gidatuak antolatu ditu udara honetan eskualdeko natur guneak ezagutzeko, Aiako Harria Parke Naturalak Errenteriako eremuan dituen interes gune ezberdinetan hain zuzen.
Udan zehar, irailaren 27ra arte, txango gidatuak izango dira Añarbeko erreserba eremura, Aizpitarteko haitzuloetako aztarnetara, Lau Haizeta parkera eta Sanmarko gotorlekura, eta Malbazarko hezegune eta anfibioen bizilekura. Bisita hauek asteburu ezberdinetan errepikatuko dira. Bestetik Gipuzkoako Parketxe Sareak ere hainbat jarduera antolatu ditu bertan.
Hurrengo bisita gidatua Lau Haizeta parkera eta San Marko gotorlekura izango da, uztailaren 25 eta 26ean hain zuzen, 2 orduko iraupena izango duelarik. Ibilbide hau abuztuaren 22 eta 23an eta irailaren 19 eta 20an errepikatuko da.
600 hektareako naturgune babestu honek erdi mailako mendi eremu bat biltzen du Donostia, Astigarraga eta Errenteriako lurretan. XIX. mendeko San Marko eta Txoritokietako gotorleku militarrak, Txoritokietako estazio megalitikoa eta antzinako amezti basoak aurkitzen dira natura eta kultura uztartzen dituen paisai honetan. Txango honen iraupena bi ordukoa izango da eta uztailaren 26ean gazteleraz izango da.
Beste proposamenetako bat Añarbeko Erreserba eremura egiten den ibilbidea da. Añarbekoa, Euskal Herriko habitat natural adierazgarrienetakoa eta egun mehatxatuenetako bat da: hariztia. Ibilbide hau Idoian (Susperregi) hasi eta Malbazarko lepoan barrena Gipuzkoako eta Bizkaiko harizti handienetakoan murgiltzen da, bidean ekosistema honi lotutako landaretza eta basafauna behatu eta ezagutzeko aukera izango dugularik. Era berean, Añarbeko Baso Erreserbako pagadi-hariztian barneratzen den ibilbide honetan basoen kudeaketa eta bioaniztasuna ere ezagutuko dute.3 orduko iraupena du ibilbideak eta abuztuaren 15 eta 16an eta irailaren 12 eta 13an eskainiko da.
Malbazarko hezegunea eta anfibioen bizilekuak izeneko ibilbideak osatuko du bisita gidatuen plana. Malbazarko hezegunea eta bertan aurki daitekeen fauna mehatxatua (baso igel gorria, ur igela, uhandre palmatua, txantxikua eta burduntziak, besteak beste) ezagutzea da ibilbide honen helburua. Irteera hauek uztailaren 31an eta abuztuaren 1 eta 2an (uztailaren 31an eta abuztuaren 1ean euskaraz, abuztuaren 2an gazteleraz) izango dira, 2 orduko iraupenarekin. Abuztuaren 29 eta 30ean eta irailaren 26 eta 27an errepikatuko dira.
Aipatu bisitak asteburuetan izango dira, larunbatetan euskaraz eta igandetan gazteleraz. Txangoak 2 euro balio du 17 urte baino gehiago dutenentzat, 6 eta 17 urte artekoek euro bat ordaindu behar dute eta 7 urtetik beherakoentzat doan izango da. Bisita hauen abiapuntua Listorretako informazio gunea da.
Bertan parte hatzeko interesa duten guztiek Errenteriako turismo bulegora deitu, 943 494 521, edo turismoa@oarsoaldea.eus posta elektronikoan izena eman behar dute.
Listorreta abentura gunea
Bestetik Errenteriako Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak ere hainbat ekintza antolatu ditu udarako. Felix Ugarte espeleologia elkarteko adituen eskutik Azpitarteko kobetan espeleologia jarduerak, bertako lehen gizakiak eta historiaurreko bizimoduak ezagutzeko, edota saguzaharrak hurbiletik ezagutzeko irteera bat ere bai.
Jarduera hauetako lehena uztailaren 19an izango da. Aizpitarteko haitzuloetan oinarrizko mailako Espeleologia jarduera, pertsona guztiei zuzendua dago eta abuztuaren 30ean errepikatuko da.
Jarduera hauen iraupena, hizkuntza eta prezioa kontsultatu:
INFORMAZIO GEHIAGO ETA ERRESERBAK
Errenteriako turismo bulegoa
943 494 521 / turismoa@oarsoaldea.eus
www.oarsoaldeaturismoa.eus