OARSOALDEAK TALENTUA BULTZATU NAHI DU

La agencia de desarrollo ofrece una beca de estudios universitarios a una persona de la comarca

Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako udalek, Oarsoaldea Garapen Agentziaren bidez eta Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin, lehen aldiz unibertsitate ikasketak burutzeko beka jarriko du martxan. Egitasmo berritzaile hau, Oarsoaldeak gizarte erantzunkizunaren baitan burutzen dituen ekintzen artean kokatzen da eta helburua eskualdeko pertsonei unibertsitateko ikasketak burutzen laguntzea da. Lehenengo deialdi honetan, eskualdeko pertsona batek bekaren bidez “ENPRESEN ADMINISTRAZIO ETA ZUZENDARITZA” gradua egiteko aukera izango du.  

Oarsoaldea garapen agentziaren lehendakaria den Ainhoa Zabalok adierazi duenez, “badakigu eskualdean gaitasun eta talentu handiko pertsonak daudela; bestetik, kontziente gara famili askoren egoera ekonomikoa ez dela ona. Hau dela eta, baliabide ekonomiko ezagatik talentua alferrik galdu ez dadin, Mondragon Unibertsitatearen laguntzarekin lehenengo aldiz OARSOALDEA BEKA abian jartzea erabaki genuen.

Oarsoaldeak eskualdeko pertsona bati Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Gradua ikasteko 4 urtetako beka finantzatzeko konpromezua hartu du, Mondragon Unibertsitateak Irunen daukan kanpusean hain zuzen ere. Honetaz gain, bigarren seihilekotik aurrera, pertsona honek ikasketak tartekatuko ditu Oarsoaldea Garapen Agentzian praktikak eginez.

Bestalde, Mondragon Unibertsitateak hezkuntza alorreko paradigma berria erabiliko  du, talentu, sormen eta elkarlanean oinarritzen dena, ”eginez ikasi” filosofia jarraitzen duena. Hau guztia ikasleei ikaskuntza osatu bat eskaintzeko helburuarekin, ikasleen garapena lortzeko, gaitasunak eta ezagutzak, jarrera eta baloreekin integratzen direlarik.

Beka hau eskatu ahal izateko ondorengo baldintzak bete beharko dira;

  • Oarsoaldeako eskualdean erroldaturik egon
  • Langabezian egotea
  • Euskara menperatzea
  • Unibertsitate Gradua egiteko gutxieneko ikasketak eginak edukitzea
  • Honetaz gain, bestelako irizpideak ere baloratuko dira, hala nola, baliabide ekonomikoak, pertsonaren espediente akademikoa eta abar.

 

Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 19an hasiko da eta maiatzaren 30a arte zabalik izango da. Eskaera egiteko orriak eskuragarri daude Oarsoaldeak Errenterian dauzkan bulegoetan, Olibet 6 baxuan hain zuzen ere. Informazio gehiago behar duenak 943 510 200 telefonora deitu dezake edo olibet@oarsoaldea.eus helbidearen bidez Oarsoaldearekin harremanetan jarriaz.


Oarsoaldea