Geroa ereiten

Oarsoaldeko Energia bulegoa martxan

Oarsoaldea Garapen Agentziak 2021ean Energia Bulegoa jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen sailak finantzatua. Bulego honetan landuko diren bi ardatz nagusiak, ahultasun eta eraginkortasun energetikoa izango dira

Oarsoaldea eskualdeko lau udalek, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia, pertsonen babeserako urratsak egiten jarraitu nahi dute eta ireki berri duten bulegoak zerbitzu publiko izaera izango du, herritarrarentzat doakoa izango da. Koronabirusak muturreko egoerara iritsi den jende asko utzi du, energia hornikuntza ordaintzeko zailtasunak dituztenak edo beraien diru sarrerak nabarmenki murriztu zaizkienak.

loop

Energia Bulegoaren bidez, herritarrei energiaren inguruko zalantzak argitzeko zerbitzua izango da, besteak beste, fakturak ulertzeko eta energia aurrezteko aholkuak, kontratazioa, eraginkortasun neurriak, energia berriztagarrien aukerak, diru-laguntzak eta abar kontsultatu ahal izateko. Bestalde, aholkularitza pertsonalizatua eta prestakuntza saioak eskainiko dira, herritarrak ahalduntzeko xedez. Honez gain, energia berriztagarrien, etxebizitzen birgaitze energetikoaren eta energiaren arloan eskualdeko udalerriek dituzten datuen inguruko informazioa jaso ahal izango da.

Arestian aipatu bezala, ahultasun energetikoa izango da landuko den ardatz nagusietako bat. Izan ere, eskualdean badira alarmak pizten dituzten zenbait adierazle. Besteak beste, energia-kontsumoa (gas naturala eta elektrizitatea) EAEko batez bestekoa baino handiagoa da, etxebizitzen ia %100ek ur beroko sistemak dituzten arren, bero-sistemen presentzia Gipuzkoan baino %21 txikiagoa da. Horrez gain, etxebizitza-parkea Gipuzkoakoa baino pixka bat zaharragoa da, batez besteko azalera txikiagoa du eta familien batez besteko errenta osoa Gipuzkoakoa baino %4,64 baxuagoa da.

Guzti hau dela eta, Oarsoaldeako ahultasun energetikoa lurraldeko beste eskualde batzuetakoa baino okerragoa dela ondorioztatu daiteke. Beraz,  gai hau sakonean garatu eta  egoera honi aurre egiteko helburuarekin eta kultura energetikoa indartzeko asmoz, Energia Bulegoa martxan jarriko da.

Helburu nagusiak, eskualdeko herritarren artean ahultasun energetikoa murriztea, energia aurrezpenak sustatzea eta aldi berean, kultura energetikoa hobetuz, inguruari ahalik eta kalte gutxien egitea dira. Gure gaurko energia kontsumitzeko moduak egingo du gure etorkizuneko ingurumen egoerara bidea.

Doako aholkularitza pertsonalizatua eskatzeko

Energia bulegoak, oraingoz, formatu digitala izango du, www.oarsoenergia.eus web gunean izango da ikusgai. Aholkularitza pertsonalizatua edo bestelako zerbitzuak jaso ahal izateko, energia@oarsoaldea.eus helbidera idatzi edo 943 34 41 60 telefono zenbakira deitu daiteke edo zerbitzu eskaera hemen egin.


Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus