Geroa ereiten

EMAKUME SORTZAILEEN SAREA EHUNTZEN

Errenteriako DINAGU pop up dendaren aurkezpen festa abenduaren 19an, osteguna, ospatuko da 18:30ean Xenpelar plazan. Urtarrilaren 4 arte egongo da zabalik denda eta bertan emakume sortzaile ezberdinez osaturiko 9 proiektu ezagutzeko eta euren lanak erosteko aukera izango da. Errenteriako udalak, Habian! hazitegiak eta DINAGU kolektiboak elkarlanean egindako ekimena da honakoa.

Era askotariko sormen lanak topatu daitezke bertan: arropa, ilustrazioa, bitxigintza, osagarriak… Guztiak eskualdeko edo hurbileko emakumeek sortuak. Astelehenetik larunbatera 10.30-13.00 eta 16.30-20.00 egongo da zabalik denda.

Abenduaren 19an, ostegunean, sortzaileak aurrez aurre ezagutzeko aukera izango da. Giro lasaian, mokadutxo batekin, dendan bertan aurkezpen festa ospatuko da arratsaldeko 18.30ean.

 dinagu pop up muntaiaona

 

EMAKUME SORTZAILEEN SAREA

DINAGU kolektiboa emakume sortzaileen topalekua da. Proiektuaren ardatza indarrak batu eta sortzaileen lanen erakusleiho amankomunak topatzea da, horretarako salmenta eta bisibilizazio espazioak elkarbanatuz.

Gure asmoa, emakume sortzaileon lanaren bisibilizazioan jardutea, elkarlanari bide eginez elkarrekin ahalduntzea, egoeraz hausnartzea eta sortzaileon beharretara egokitzen diren espazio berriak sortzea da. 

Indarrak batu eta gure lanen erakusleiho amankomunak bilatu asmoz elkartu ginen. Salmenta eta bisibilizazio espazioak elkarbanatzeari ekin genion eta elkarrekin bidea eginez hazten ginela ikusita, sortzaileen sarea josten jarraitu nahi.

dinagu_2

ELKARREKIN ERRAZAGO

Merkatu globalean eta digitalean zaila da toki bat egitea, sortzaile hasiberrientzat bereziki. Hori dela eta, salmenta-espazioak zein bezeroak elkarbanatzea aukera ezin hobea dela uste dugu.

Egungo eredu ekonomikoak konpetentzia garela sinestarazi nahi digu, baina DINAGUtarrok aniztasuna aberastasuna dela aldarrikatzen dugu. Horregatik, elkarren beldur izan beharrean, eskutik heldu eta elkarrekin aurrera egin nahi dugu.

Kolektiboak indartzen gaituela uste dugu, eta hortik, emakume sortzaile moduan bide berriak bilatu nahian gabiltza, proiektu eta ekimen ezberdinetarako ideiak aztertzen. Sarea ehuntzen joan nahi dugu, elkartuz indartsuago garela uste dugulako.

Elkarren beldur izan beharrean, elkar zaindu eta kolektibo osoarentzako onuragarriak izango diren ekimenak sortu nahi ditugu. Elkarlanak, aliantzak, harremantzeko espazioak... guztia izango da ongietorria!

 

HASTAPENAK

Donostiako Gabonetarako azokan espazio bat elkarbanatzeko helburuarekin hasi zen proiektua 2018an. Lau sortzaile elkartu ginen orduan eta bakarrik egitea norberarentzat lan handia zela ikusirik, elkartuta gehiago egin genezakela pentsatu genuen. Bost astez salmenta-espazio bat elkarbanatu genuen Urumea pasealekuan eta sare sozialen bidez hurbiltzeko deialdia egin genion jendeari. Tartean, argazki lehiaketa eta erakusketa bat ere antolatu zen.

Esperientzia hartan espazioa ez ezik, esperientziak, ezagutzak, penak eta pozak elkarbanatu zitezkeela konturatu ginen. Horrela, etorkizunean elkarrekin lan egiteko nahia piztu zitzaigunez, proiektua sakontzeko bidean jarri ginen.

KOLEKTIBOA INDARTZEN

Proiektua sendotuz joan da 2019. urtean eta bertako sortzaileen sarea osatu eta indartzeko beharraz jabetu gara. Honela, DINAGU kolektiboaren aurkezpena egin genuen uztailan Getariako ATERIAN espazioan eta bertan erronka berriak aurkeztu genituen, saretzea eta sortzaileen arteko zaintza ardatz moduan hartuz.

Horri tiraka, abuztu osoan zehar DINAGU eta LAGUNAK espazioa izan genuen Zarautzen bertako beste bi emakume sortzaileri gurekin batzeko gonbita eginez. Esperientzia guztiz positiboa izan zen, bai beste sortzaileen ikuspuntutik eta baita publikoaren aldetik ere.

                                                           ERRONKA BERRIAK

Udan egindako apustuak izandako harrera positiboa ikusirik, emakume sortzaileen kolektiboa saretzen jarraitzeko gogoz jarraitzen dugu. Kolektiboari ikusgarritasuna ematen jarraitzeko, aurtengo gabonetan espazio berri hau izatea da gure helburua.

Hiriko saturaziotik aldendu eta herriei eskaintza zabaldu nahian, Errenterian abenduaren 13tik urtarrilaren 4ra  izango den DINAGU pop up denda da gure aurtengo erronka. Eskualdeko eta inguruko emakume sortzaileei parte hartzeko deialdia luzatu zaie eta guztira 9 proiektuk parte hartu dute. Alor anitzetako proiektuak dira: Ehungintza, bitxigintza, ilustrazioa, osagarriak…

SORTZAILEEN ZERRENDA

MAIXALA poltsak /OIARTZUN

MARI DOMINGI arropa eta osagarriak /PASAIA DONIBANE

AGARA bitxigintza / USURBIL-ERRENTERIA

LAURA AGUILAR ARTE Y JOYA bitxigintza eta artea / SEVILLA-ERRENTERIA

BEGO FUENTE bitxigintza / DONOSTIA-ERRENTERIA

BIZIKI BIZI arropa eta osagarriak / AZPEITIA

NATURAL KILLER kirol arropa / ZARAUTZ

ANE MUÑOZ  ilustrazioa /ARRASATE

TXAKUR GORRIA hitza eta irudia /

 

 

GURE BALIOAK

ESKUZ eta AMETSEZ EGINAK

Gure lanen atzean dagoen sormen-prozesu guztia aldarrikatu nahi dugu. Sormena eta eskulana balorean jarri nahi ditugu.

ELKARLANA – AHIZPATASUNA

Elkarturik gehiago garela sinesten dugu. Indibidualismoaren aro honetan, ondokoa konpetentzia dela sinestarazi digute. Horrekin hautsi eta elkarren bidelagun izan gaitezkela uste dugu. Konpetentziaren ideia hautsi eta elkarrekiko zaintza landu nahi dugu.

AHALDUNTZEA

Egile gisa, merkatuan autonomia berreskuratu nahi dugu. Izan ere, baldintzak jartzerako orduan, eskulana eta sormen lana egiten dugunok gero eta eskumen gutxiago dugu. Gure lanaren balio errespetatzeko ahalduntzea ezinbestekoa da.

BERTAKOA eta BERTAN EGINA

Kontsumitzaileen kontzientzian eragin nahi dugu eta bertako produktuetan inbertitzera bultzatu. Gure banatzaileak ere, ahalik eta bertakoenak dira ekonomia zirkularrean sinesten baitugu.

Errenteriako DINAGU pop up dendaren aurkezpen festa abenduaren 19an, osteguna, ospatuko da 18:30ean Xenpelar plazan, turismo bulegoaren ondoko espazioan.

●        dinagupopup@gmail.com

●        653 710 073 (Agara Agirre)

●        Instagram: @dinagupopup

●        Facebook: facebook.com/dinagupopup

 

dinagu errenteria-popup-kartel-def

Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus