Geroa ereiten

Errenteriak kultur espazio berri bat du, Liburudenda gisara ateak zabaldu dituena; liburuaren bueltan eraikitako proiektua da.

Sihara Nuñok eta Juan Manuel Uriak, kulturarekin konprometitutako ekintzaileek, beren proiektuaren berri eman digute.

noski

 1.- LIBURUDENDA BERRI BAT ZABALDU DUZUE ERRENTERIAN. ZER DA NOSKI! LIBURUDENDA?

Noski! narratiba independentean, saiakeran eta poesian espezializatutako liburudenda bat da. Horrez gain, Noski! sorkuntza espazio bat ere bada eta pintura, artisautza, bitxigintza eta bestelako adierazpide artistikoei ere aterpea eskainiko die. Noski!-k elkartzeko eta eztabaidatzeko toki bat izan nahi du, gizarte hobe bat eraikitzeko abiapuntu.

Kulturaren maitale ororentzat erreferentzia gune bihurtzea nahi dugu.

Eta, zergatik? Egin beharra zegoelako, Noski!

2.- NOLA SORTU ZEN IDEIA?

Biak, kultura eta sorkuntzaren eremutik gatoz, poeta eta argitaratzaile gisa.

Hezkuntza eta ikerkuntza eremutik ere bagatoz. Aspaldidanik buruan generabilen liburuaren bueltan zerbait eraikitzea, nor bere esperientziatik abiatuta. Argi geneukan liburuak izan behar zuela ardatz. Hemendik sortu da. Eta ziur gaude kultura dela eraikitzearen eta justizia sozialaren eragile.

3.- ZERGATIK ERRENTERIAN?

Errenterian sortu eta hazi naizelako (Juan Manuel) eta herri honekin estuki loturik nagoelako. Daukan kultura aniztasunagatik ere bai, guk ere aniztasun hori bera islatzen dugu, Sihara Mexikarra den heinean. Errenteriaren aldeko apustua egin dugu, Oarsoaldeko kultura eragile nagusi bezala.

4.- LIBURUDENDA BAT, ETA ZER GEHIAGO?

Liburudenda-galeria bat da eta bertan autore eta lan desberdinak jasoko dira; hala nola, zeramika, pintura, artistaren liburua, bitxigintza, artisautza, eta azken batean, sorkuntzarekin lotura izan ditzaketen bestelako arte eta ofizioak.

5.- ZUEN USTETAN, ZER ESKAINIKO DIO ZUEN ENPRESAK GIZARTEARI?

Gure konpromiso eta elkartasun balioetan oinarrituz, eta ekonomia sozial eta arduratsu baten ikuspegitik, gure ulertzeko moduan edozein gizarte eusten duen hura eskainiko dio: kultura.

6.- ZEIN LAGUNTZA IZAN DUZUE ZUEN PROIEKTUARI FORMA EMATEKO?

Ekintzailetasun abentura honetan Emekin eta Oarsoaldea izan ditugu bidelagun. Eskaini diguten laguntzari esker gure ametsa gauzatzeko ibilbide hobeak aurkitu ditugu.

Profesionalen laguntza izateak zama arintzen laguntzen du eta komunitate baten parte sentiarazten dizu.

 7.- NON ETA NOLA IKUSTEN DUZUE ZUEN BURUA 5 URTE BARRU?

Oarsoaldean erreferentziazko proiektu sendo bat ikusten dugu. Proiektu honekin batera, aldi berean, bestelakoetan ere ikusten dugu gure burua; irakurzaletasuna bultzatzeko ekintzetan, idazleen eskola sortzen, poesia jaialdiak eginez eta abar luze bat. Hauek guztiak liburudenda izango dute oinarrizko kanpamentu.

8.- NOLA JAR GAITEZKE ZUEKIN HARREMANETAN?

Santxoenea kalean izango gara, 14 zenbakian. Gure mail helbidea, noski.libreria@gmail.com

Sare sozialetan ere aurkituko gaituzue.



Oarsoaldea Garapen Agentzia

Astigarragako bidea 2, Mamuteko bulego eraikina 2.solairua, 20180 Oiartzun.

Tel. 943 49 41 29 - Fax. 943 491 894

oarsoaldea@oarsoaldea.eus