Ze plan zubi honetarako?

 

Con estos 7 planes podrás aprovechar estos días de fiesta al máximo por Errenteria, Lezo, Oiartzun y Pasaia. ¡Hay propuestas para todos los gustos!

plan para el puente

Hartu trena Arditurriko meategira

Abenduaren 6rako proposatzen dizuegun planetako bat da hau. Utzi kotxea Pagoaldea industrialdean eta Tren Berdeak Arditurriko meategira eramango zaitu. Bertan, sakonean bisita edo oinarrizko bisita prezio berezian eskainiko da. Irteerak 10etan, 11etan eta 12etan izango dira, eta aurretik izena ematea beharrezkoa izango da:  943 495 069/ 688 895 068 edo arditurri@gipuzkoamendizmendi.net.

Gainerako egunetan ere Arditurriko meategiak bisitatu ahal izango dituzu, ostegunetik igandera 10:00etatik 14:00etara. Ez ahaztu beti aurrez erreserba egitea: 943 494 521 / www.arditurri.com.

 

Gure jantzi tradizionalak ezagutu

Errenteriako Kapitain Etxean dagoen Jantziaren Zentroaren beheko solairuan, Iraultza Dantza Taldeak baserritar jantzien erakusketa prestatu du. Orotara 15 jantzi dira, 12 emakumezkoenak eta hiru gizonezkoenak. Guztiak XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako jantzi originalen zein argazkien kopiak dira.  Erakusketako sarrera doan izango da eta urtarrilak 6 arte egongo da zabalik, abenduaren 6an eta 8an 12:00etatik 14:00etara eta abenduaren 7an 11:00etatik 14:00etara eta  17:00etatik 20:00etara.

Eta jantzi tradizionalei buruz gehiago jakiteko gogoz geratu bazara, museo osoa bisitatu dezakezu (sarrera 3 €); bertan  jatorrizko euskal jantzien egungo bildumarik oparoena aurkituko duzu.

 

Dantza tradizionalak

Abenduaren 6an 18:30ean, Errenteriako Niessen Kulturgunean, Jesus Mari Garate oroimenezko Fandango eta Arin Arin Koreografiaren Saioa izango da, Beti Prest Dantza Taldeak antolatuta.  

 

Ingurumen esploratzaileak

Errenterian jarraituz, abenduaren 7rako Fanderiako Errotak gonbitea luzatzen digu familian egin daitekeen ekintza batean parte hartzeko: ingurumen esploratzaileak. Ekintza honen bidez gure ingurumen naturala ezagutuko dugu, batez ere ibaiaren habitata. Euskaraz izango da eta 11:00etan hasiko da, bi orduko iraupena izango duelarik.  Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea 943 494 521 telefonoan edo turismoa@oarsoaldea.eus  helbidean.

Bisita gidatua Pasai Donibanen eta irteera arrantza ontzian

Mater Pasaiako Ontzi-Museo Ekoaktiboak eskaintza zabala prestatu du hilabete honetarako. Abenduaren 7an, hain zuzen, Pasai Donibanen zehar bisita gidatua antolatu du 12:00etan (3€ haurrak - 5 € helduak). Hurrengo egunean, abenduaren 8an, eta itsasoaren egoerak uzten badu, ordu eta erdiko irteera egongo da Jaizkibelgo itsaslabarrak ezagutzeko, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan nabigatuz (haurrak 15€/ helduak 30€).

Aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da: 619 814 225 / info@matermuseoa.com

Ontzi kortsario baten eraikuntza Albaolan

Albaola Itsas Faktoria ere zabalik egongo da abenduaren 6, 7 eta 8an, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Faktoria bisitatzeko aukera paregabea izan daiteke, izan ere, San Juan baleontzia eraikitzeaz gain, jendaurrean patatxe bat eraikitzen ari dira, Orioko ontziola batean aurkitutako plano batzuetan oinarrituta. Gure kostaldean jada desagertua dagoen ontzi mota bat da, eta kortsarioek asko maite izan zuten.  

 

 

 

Lezoko ondare kulturala eta naturala oinez ezagutu

Askorentzat oraindik ez da oso ezaguna Lezok duen hirigune historikoaren xarma. Horregatik, bertan dituen altxor handiak ezagutzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Hasteko Santo Kristo Basilika, barruan munduko kristo bizargabe bakarrenetakoa duena ikus daiteke; plazan bertan San Joan Bataiatzaileraren eliza eta XVIII. mendeko udaletxea ikusi ahal izango dituzu. Ibilaldia jarraituz, plazatik abiatuta kale Nagusian zehar XVI. mende inguruko etxe armarridunak ikusi ditzakegu. Ondoren, proposatzen dizuegun beste ibilaldia Bekoerrota kiroldegian hasi dezakegu, bertan hasten baitira Lezoko ingurumen naturala zeharkatzen duten hiru ibilaldiak,  landa inguruak zeharkatuz eta baserri historikoen ondotik igaroz.

Lezotik abiatuta, pixka bat gehiago ibili nahi duenarentzat beste bi ibilbide ere badaude: Jaizkibel mendia zeharkatuz Hondarribiara iristen den Talaia bidea edota Pasaiarantz eta handik Donostiarantz doan Donejakue bidea.


Plan hauek eta beste hainbat gehiagori buruz galde dezakezu Pasaia eta Errenteriako Turismo Bulegoetan.

Turismo Bulegoetako ordutegia

Asteartetik larunbatera 10:00-14:00h eta 16:00-18:00h, igandean 10:00-14:00h.

Errenteriako Turismo Bulegoa

Madalen kalea, 2

20100 Errenteria

Tel. 943 494 521

turismoa@oarsoaldea.eus

Pasaiako Turismo Bulegoa

Victor Hugo Etxea

Donibane kalea, 63

20110 Pasai Donibane (Pasaia)

Tel. 943 341 556

turismoapasaia@oarsoaldea.eus

www.oarsoaldeaturismoa.eus


Oarsoaldea